Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 

 PITA FERNÁNDEZ familia

goiko etxe1
Liburuko fitxa jaitsi
pdf
boton1
 

GOIKO-ETXE kale-etxea da, Goikokalekoa. Bertara iritsi zen Pita Fernandez familia Mariaundiren bidez. Maria Garmendiak, Mariaundi ezizenez, Mariaundiñe izeneko janari denda zuen, Ibai Gain etxearen azpian, eta haren maizter izan zen Pita Fernandez familia hogei urtez.

Manuel Pita, aita, galiziarra zen, A Coruñakoa, eta ama Balbina, berriz, Burgosko Oñakoa. Manuel Oñan ari zen lanean tren-tunelak egiten eta han ezagutu zuten elkar 1943an. 1944an ezkondu eta Soriara joan ziren bizi izatera, Manuel hara joan baitzen lanera. Bertan izan zituzten bi seme-alaba zaharrenak (Marisol eta Manuel) eta haiek bost -sei urte zituztela Pasaiara etorri ziren, aita enpresa berberarekin Pasaiara etorri baitzen bideak egitera. Hortxe jaio ziren hurrengo bi seme-alabak (Jose Miguel eta Luis Mari). Hobe izango zelakoan, ama berriz bere sorterrira itzuli zen lau seme-alabak hartuta, eta aita Gipuzkoan geratu zen lanean. Burgosen jaio zen Leonor alaba.

Handik bi urtera ama itzuli egin zen bere bost seme- alabekin eta Alegian jarri ziren bizitzen. Han zirela, Biandetxeren tarterikoren batekin harremanetan jarri eta Biandetxek Bentaberritik bostehunen bat metrora zegoen borda bat alokatu zien. Bordari goiko pisu bat emana zion Biandetxek eta bertan hiru gela prestatuta (sukaldea eta bi logela). Ez zuten ez urik eta ezta argirik ere, eta beraz, ezta komunik eta ezta sukalderako askarik ere. Ur bila inguruko errekatxora joaten omen ziren. Han urtebete eman ondoren herrira etorri ziren, Goiko-etxera. Bordan jaio zen Amalia alaba gazteena.

Aita Manuel eraikuntzan aritu zen lanean 55 urte bete arte, eta orduan ezbehar bat izan zuen. Handik aurrera lokal bat alokairuan hartu, Konfiteriko etxeetan, eta Pita taberna jarri zuen. Aita-amak erretiratu ondoren ere Marisolek jarraitu zuen bertan lanean.

Zaldibitarrek oso ondo hartu omen zuten familia. Etortzerako bazekiten hemen beste hizkuntza bat zela, baina ez zen beraientzako oztopo izan. Seme- alabek ikasi zuten, gurasoek ikasi ez zuten arren, eta euskaldunen artean lagunarte handia izan zuten.

Zaldibira etorri zirenean oso etxe gutxi zirela diote, eta kale bakarra. Hala ere orain adina denda eta taberna ba omen zen. Estanko, Mielmañe, Joxepane, Mariaundiñe, Joanmanuelene, Dendaberri… Orain hiru kale badira.

Ez zeukaten autorik eta lanera bizikletan joaten ziren, bailarako lantegietara. Egunean hamar-hamabi ordu lan egiten zuten, eta baita larunbatetan ere.

Aisialdia familian pasatzen zuten eta baratzea ere bazuten etxe ondoan. Lan-saria eskura jasotzen zuten eta emakumeek ez zuten etxetik kanpo lan egiten, norbaitek eskatu ezean.

Zaldibiko eskolan ibili ziren eta oso gustura. Señorita Maria Pilar du gogoan Marisolek. Mutilekin Don Primitivo aritzen omen zen.

Elizak ere indar handia zuen garai hartan. Igandero joaten ziren mezetara.

Bi alaba, Leonor eta Marisol, Zaldibin bizi dira. Gainerakoak, berriz, Ordizian.

Informazio emailea: Marisol Pita

GOIKO ETXE: PITA FERNÁNDEZ FAMILIA

GOIKO ETXE

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.