BASERRIAK

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 
urtsubi 

urtsu erreka

 ZUBELDIA ETXEBERRIA Familia

urtsubi
Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

Pasadizoak

Polipasori irabazi

Pakitok aizkoran oso poliki egiten zuen eta Sanjoanetan Abaltzisketan aizkora-apustua antolatu zuten, Polipasori omenaldia eginez. Bentaja piska bat eman izango zion, ez zelako bere izenik agertzen inongo apustutan eta zer gertatu eta Pakitok irabazi omen zuen, eta orduan Polipaso “haserretu” edo penatu behintzat egin omen zen, omenaldian galtzaile atera zelako.

 

URTSUBI esaten zaio baserriari, baina eskrituretan Urtsuegia ageri da. Izena parajearengatik datorkio. Hain zuzen ere Urtsubi da Amundarain ibaira datorren ibai-adarraren izena. Inguruko toki eta parajeen izenen artean dira Batxako itturrie, Kapiloi, Urbitei, Itsasi. Urtsubikoak Sanson izengoitiz dira ezagunak.

Auzorainoko kaminoa eta etxera bitartekoa 1940 inguruan egina da. Bidea egin aurretik erreka bazterretik zen bidea, eta Urtsu Txiki, Urtsukorta, Urtsubi, Saro baserrien ondotik pasatuz, Abaltzisketaraino iristen zen.

Bi maizterrentzako etxea zen garai batean. Etxekonak, Arteagatarrak, zazpi senide omen ziren. Denak Ameriketara joan omen ziren eta etxekona hustu egin omen zen. Orain hogei urte etorri omen zen Zezilio izeneko gizon bat haien arrastoen bila, eta Rafaela Etxeberriak, Urtsubiko amak, eman omen zien gurasoen berri, ezagutzen baitzituen.

Gaur egun etxearen jabe dira, baina aitonak erosi zien Arrizubietatarrei. Konponketak egin zituzten, eta sukaldea eta komuna berritu.

Frantzisko Zubeldia eta Rafaela Etxeberria 1936an ezkondu ziren Zaldibin. Artean gurasoak etxean bizi ziren. Frantzisko Izar baserriko morroia zen. Morroi etorri zen Urtsubira. Rafaela alaba bakarra zen eta elkarrengana bildu eta ezkondu egin ziren. Frantziskok, Melillan egin zuen soldaduska eta hango berri emanez erakusten zuen soldadu-kartila.

Hamar seme-alaba izan zituzten: Maria Dolores, Pakito, Maria Jexux, Martxeli, Graxian, Milagros, Joxe Manuel, Migel Mari, Begoña eta Ana Jesus.

Urtsubikoek bizimodua baserritik ateratzen zuten eta baita artzaintza eta morrontzatik ere. Aitona morroi ibiltzen zen. Behi eta idiak bazituzten hamarren bat buru eta baita txerriak ere. Txerrikumeak Arrizubietari saltzen zizkioten eta txahalak harakinari. Baratzean, berriz, egiten zituzten artoa, garia, patata eta babarruna. Ordiziako feriara ere joan ohi zen ama Rafaela, eta han untxiak eta arrautzak saltzen zituen.

Zaldibira eskolara etortzeko ordubeteko bidea egin behar izaten zuten. Bi ordu egunean. Etortzeko batere presarik ez zuten hartzen, etxean beti lana izaten baitzen, eta bidean, berriz, bilatutako sagar eta gereziak dastatuz ederki etortzen zirelako.

Inguruko herrietan egin izan dute lan. Anaia Joxe Manuel arotza da eta Ordizian egin zuen bost urtez lan; Graxianek Beasainen, Migel Mari igeltsero aritu zen hasieran eta gero baso lanetan herriz herri; Begoñak Indarren lan egin du eta Ana Jesusek Beasainen. Fabrikara bizikletan joan ohi ziren. Egunaren arabera, euria egokitzen bazen egun osoa Beasainen pasa behar izaten zuten, eta egun osoa bustita egoten ziren.

Informazio emailea: Joxe Manuel Zubeldia

 

URTSUBI

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli