Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
8    
Iztuetaren inguruko ekitaldienardur adunak atzo Ander Gillenea    
Dantzarien maisu

Juan Ignacio Iztueta zendu zela 150 urte beteko dira aurten

Egunkaria 1995-5-10

LOREA AGIRRE

Gipuzkoako dantzen esparruan lan eskerga egin zuen Juan Ignazio Iztueta dantzari eta idazle zaldibiarra zendu zena 150 urte beteko dira abuztuan. Zaldibiako herriak omenaldia egiteko aukera ez galdu nahi izan eta hainbat ekitaldi antolatu ditu hilabete honetan zehar egiteko.

Juan Ignazio Iztueta (1767-1845) zaldibiarrari zor zaio Gipuzkoako dantzen estreinako bilduma egin izana. 1824an kaleratu zuen Iztuetak gaur egun ere dantza talde ugariren oinarrizko lan tresna den “Gipuzcoaco dantza gogoangarrien kondaira”, Ignacio Ramon Baroja argitaletxearen babesean. Txistua, danbolina eta dultzaina hogeita hamasei kantutan nola erabili behar diren azaltzen du; horrekin batera, dantzarien jantziak eta dantza bakoitzeko pausoak ere zehazten ditu. Jakiten dela Europan egindako lehen dantza bildumen liburua da. Urte askotan pentsatu  izan  da Suedia izan zela  aitzindari dantzak biltzen eta gordetzen, baina gerora argitu da Iztueta 56 urte aurreratu zitzaiela suitzarrei egite horietan.

Aurten 150 urte beteko dira Juan Ignazio Iztueta zendu zela eta Zaldibiako Udalak, bertako Iztueta Fundazioaren eta Iztuetaren jarraitzaile zuzen den Donostiako Goizaldi dantza taldearen laguntzarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu. Iztueta Fundazioko ordezkari gisa Emeterio Sorazu, Goizaldi dantza taldeko lehendakaria den Juan Manuel Oronoz, Joxe Garmendia Iztuetaren inguruko aditua eta Garbiñe Mendizabal Zaldibiako Kultura zinegotzia atzo prentsaurrekoan bildu ziren Juan Ignazio Iztuetaren heriotzaren 150, urteurrenaren inguruko xehetasunak emateko asmoz.

Ekitaldien artean hi libururen argitalpena da aipagarri. “Jose Ignazio Iztueta dantzarien maisua” izenekoa kaleratuko da datozen asteetan eta irailean, berriz, Iztuetak berak osaturiko “Diccionario vascongado”. Iztueta Fundazioaren helburua hainbat zaldibiarren lana ezagutzera ematea da. Emeterio Sorazuk adierazi zuenez; material asko dago argitaratzeko Zaldibian jaio diren idazle, musiko eta abarrenak. Besteak beste, Franzisko Ignazio Jauregi (1767-1829) eta Franzisko Ignazio Lardizabal (1806-1855) idazleak, Jose Antonio Olano (1825-1885) dantzaria eta Jose Antonio Erauskin (1888-1961) musikaria ezagutzera ematea du xede Iztueta Fundazioak.

PERTSONAIA POLEMIKOA IZANA

Iztuetaren lan ezagunena aipatu Gipuzcoaco dantza gogoangarrien kondaira  dantza liburua da. Bertan idatzi zuen «dantzatzea oinekin abestea» dela. Badu alor horretako besterik hala ere. Urte berean Euscaldun anciña anciñako dantza soñu gogoangarrien versoaquin  idatzi zuen. Baina esparru ugaritan aritu zen gizona izan zen; olerki egile eta bertso jartzaile izateaz gain, dantza irakasle eta historia idazle ere izan zen. Ugari dira idatziak utzi dituen liburuak. 1800ean Gipuzcuatarren condaira idatzi zuen. Bertan  Gipuzkoako ibai, mendi, lan, jolas, ohitura eta historia aztertzen ditu, erromatarren garaitik hasita Zumalakarregiren garaira arte. Juan Jose Mogel idazleari erantzunez euskaraz eta gazteleraz “Carta eguiten diona D. Juan Ignacio Iztuetac apez don Juan Jose Mogueli”  idatzi zuen 1829an. Bada Iztuetak idatzirik utzi baina orain artean argitaratu ez den beste liburu interesgarri bat. 1800ean amaitu zuen “Diccionario vascongado” horretan euskal lexiko eta toponimian aberastasun handia ageri da.

Ugari dira Iztuetaren inguruan idatzi diren liburu eta testuak ere. Joxe Garmendia, Lino Akesolo, Koldo Mitxelena eta Jesus Elosegi dira besteak beste pentsakera liberaleko dantzari honen inguruan interesatu direnak.

Dudarik ez da pertsona polemikoa izan zela bere garaian. Bere biografia —-Joxe Garmendia zaldibiarrak arakatu eta osatu duena— ikustea besterik ez dago. Artzain, saltzaile, dantza irakasle, Azpeitiko organo jole , Donostiako polizia zeladore eta kartzela zuzendari izandakoa, bitan izan zen preso. Lehenengoan Gaintzako eskribauaren etxean lapurretan egin zuela salatu zutelako —Iztueta Fundazioko kideen iritziko bere etsaiek gezurretan eginiko salaketa izan zen— Ordizia, Tolosa, Logroño eta Azpeitiko kartzeletan sei urte eman zituen, 1805era arte. 1814an berriz eraman zuten preso; orduan “frantsestua” zelakoan. Seme-alabekin batera dantza erakustaldiak egin ohi zituen eta hainbat dantza eskola ere sortu zuen.

Hirutan ezkondu eta 11 seme-alaba izan-zituen. Zaldibia, Donostia eta  Donibane-Lohizune izan zituen bizitoki. Londresera ere egin zuen bidaia, bertan 1925ean berak idatzi dantza liburua aurkeztu baitzuen. Bere bizitzako azken urteak Zaldibian eman zituen eta liburuak idazteaz gain, garaiko agintari politikoekin gutun ugari trukatu zituen. 1845ean zendu zen jaioterrian 78 urte zituela.

JAIOTERRIEAREN OMENALDIA
LOREA AGIRRE

Iztuetari egingo zaion bosgarren omenaldi hau maiatzean zehar izango da Zaldibian. Bihar mahaingurua egingo da Iztuetaren bizitzaren eta obraren hainbat alor aztertzeko. Bertan izango dira Dantzarien Biltzarreko Anjel Murua, Idazle Elkarteko Inazio Mujika, Bertsolari Elkarteko Pello Esnal eta Anjel Goikoetxea medikua, Iztuetaren “Gipuzcoaco Condaira” liburuan azaltzen den botanika eta garai horretako medikuntzari buruzko azterketa egin duena. Moderatzaile lanak Ramon Sanchez dantzariak beteko ditu.

Biharamunean, Izugarri folk taldeak kontzertua eskaniko du 22.30etan. Aurretik Jose Luis Gorrotxategi eta Joxe Agirre bertsolariak ariko dira. Gipuzkoar aurresku txapelketa egingo da hilaren 13an, herriko plazan 17.30etan hasita. Zaldibiar musikarien txanda hilaren 19an etorriko da. Biharamunean, hilak 20. Eskolarteko Dantza Txapelketako finalaurrekoa jokatuko da.

Maiatzaren 21ean izango da omenaldi-ekitaldiko egun garrantzitsuena. Goizean goiz Iturengo, Ttunturroak ibiliko dira herrian barrena; txalapartariek omenaldiaren hasiera adieraziko dute. Trikitilariek Goierriko bertsolariekin kalejira egingo dute ondoren. Iztuetaren etxetik segizioa irtengo da Goizaldi dantza taldea aurretik dela eta ondoren Ugartek eginiko eskultura bistaratuko da. Goizaldik “Soka dantza” dantzatuko du eta bukaeran Iztuetak jarririko “Kontxesiri”  bertso sorta' kantatuko dute. Arratsaldean 18.00etan bizirik diren zaldibiar dantzarien hiru belaunaldi bilduko dira eta dantza saioa eskainiko dute.

Iztuetaren bi liburu argitaratzeaz gain, maiatzean erakusketa egingo da kultur etxean, bai eta liburu azoka ere.

Laguntzaileak:

orkli