SUKIA AGIRRE familia
TXAMARRETXE kale etxea da, Goikokalekoa. 1933an ezkondu ziren Pedro Mari Sukia, Auntxita baserrikoa, eta Joxepa Agirre Ataungo Amuñaingoa. Ezkondu zirenean Txapeletxen jarri ziren bizitzen, gero Amezketara ere joan ziren eta urte batzuetan bizi izan ziren han, eta azkenik Txamarretxera etorri ziren. Sei seme-alaba izan zituzten: Eugenio, Jexux, Maritxu, Luxita, Pepita eta Joxe.
1966an ezkondu ziren Jexux Sukia, semea, eta Miren Arruabarrena, Koai baserrikoa. Amasan otordua egin eta gero Iruñea, Valentzia eta Benidorrera egin zuten ezkontza-bidaia.
Txamarretxen maizter bizi izan ziren, baina gero etxearen jabe egin ziren 1956an. Jexux Sukia bera mendian jaio zen, Enerion, 1935ean. Familiako hirugarrena zen, eta amari eta berari laguntzen, txabola hartan bizi zen Matias Garmendia, Aistrangone baserriko artzaina, aritu zen. Txabola berean bizi ziren artzainek harreman handia zuten. Jexuxek dioenez, Matias Garmendiaren seme gazteena, Alejandro, Sevillara joan zen bizitzera, baina 1952ko udan, handik etorri eta mando gainean eraman zuen berriz Eneriora aita, eta han egun ederra pasatu zuten, elkarrekin hainbeste urte egindako artzainek.
Aita Pedro Marik, gaztetatik lan egiten omen zuen bai Donostian eta baita Fabrika Handian ere, baina bere etxean, Auntxitan, artzain omen ziren eta ardiak zituztenez, presionatu egin omen zuten artzain lanetan hasteko.
Bolada horretan ezagutu omen zuen bere emaztea izango zen Joxepa eta horrela ekin omen zioten artzantzari.
Bitarte horretan, Aistrangoneko Matiasek artaldea saldu beharra omen zeukan, eta esan omen zion, txabola berean bi artzain-familia beti ondo konpontzea ez zela erraza, eta berari eskaini omen zion artaldea, “dirurik gabe”, gero ordaintzekotan, eta gero ordaindu omen zion, lan eginez.
Familiak artzantzatik ateratzen zuen bizimodua. Eta laurehunen bat buruko artaldea zuten. Horrez gain, Guardetxen taberna moduko bat jarri eta han jana eta edaria emanez ateratzen omen zuten bizimodua. Eskolara gutxi eta tarteka joaten omen ziren.
Artzainen bizimoduan bi aro daude: uda eta negua bereizi behar da.
Udako kontuak
Apirilean igotzen ziren larreetara, Enerion zuten txabola, eta familia osoa egoten zen han ekainetik urriaren amaierara arte. Janaria behorrekin igotzen zuten, astean behin edo bitan. Larrea Olasaon zuten. Eta artaldearentzako ura Maiztin eta Iruerrekan zuten. Beraientzako edateko ura Guardetxe zaharretik ekartzen zuten, ordubeteko bidea eginez, egunean bi aldiz. Gazta egiten zuten (maiatzetik uztailera). Egunean zortzi-hamar gazta egiten zituzten. Hasieran Ordizian saltzen zituzten ferian, baina gerora, tratoa eginez saltzen zituzten. Urte batean mila kilo jaitsi zituzten Lizarrustira. Pedro Marik, aitak, egiten zuen haria, sokak, galtzerdiak… Arkumeak Hondarribira eramaten zituzten saltzera. Baratza ere bazuten hiru lekutan, eta bertan patata, porru, letxua egiten zuten. Udako egun bateko martxa horrelakoa izaten zen. Egunsentian jaiki eta txakurrak bidaltzen zituzten ardiak ekartzera. Artaldeak ezagutzen zuen txakurra. Bitarte horretan kafea egin eta ardiak jetzi eta gatzagia ematen zioten esneari. Ordu erdi barru gazta egiten hasten ziren, malatxarekin nahastu eta mamia bajatzen utziz eta ondoren, moldean sartu eta pisua jarri ondoren gauera arte uzten zuten. Unerik gogorrenak udaberrian izaten ziren eta gozoenak udazkenean. Beste artzain batzuekin elkartzen ziren mezetan eta ilea mozteko, baina ez zuten jolas jakinik elkarren artean. Hala ere, bazen festa bat, abuztu bukaeran, San Mielen. Gaixotu ezkero “Tintura yodo” eta aspirina batzuk izaten zituzten. Neguko kontuak
Menditik San Martinak pasata jaisten ziren. Neguan Ernialden eta Urnietan izaten ziren, Muñoandieta eta Galartza baserrietan eta Hondarribian Ipistinenean. Kaminotik joaten ziren eta egun osoko bidea zuten. Oso harrera ona egiten zieten. Arkumeak urtarril erdi aldera jaiotzen hasten ziren, eta esnea Irunen saltzen zuten, plazan. Arkumeak, berriz, etxetik, Monterori saltzen zizkioten. Negua gogorra izaten dela esan ohi da, baina Jexux gaztea zela, eta, dioenagatik, oso ondo pasatzen zuen. Informazio emailea: Jexus Sukia |
TXAMARRETXE :SUKIA AGIRRE FAMILIA
TXAMARRETXE, airetik ikusia
|
Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.