Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 
   
Jose Inazio Ansorena, artxiboko irudi batean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS    
Dantza goratu zuen kultura

Aimar Imaz. Hitza

Jose Inazio Ansorena Donostiako musikalariak ondo ezagutzen du Juan Iztuetaren lana. <<Garai gorabeheratsuan>> euskal kulturari egin zion ekarpena goratu du txistulariak.

Polemista handia zen Juan Inazio Iztueta. Garai hartan, gizartean, polemika handia zegoen dantzen aldekoen eta kontrakoen artean”. Jose Inazio Ansorena Donostiako musikariak ondo ezagutzen ditu Iztuetaren joan-etorriak. “Garai hartan oso moralistak ziren batzuk, eta horientzat dantza zen neska-mutikoen arteko harremanak bideratzeko modurik egokienetakoa. Horregatik ziren hain estuak; garai hartan bekatu zen dena”.

Donostiarraren hitzetan, garai hura ezagutu gabe “oso zaila” da Iztuetaren inguruan zegoen guztia ulertzea. “Garai nahasiak ziren, eta giro nahasi hartan jaio zen Iztueta”. Aitaren testamentua oinarri hartuta azaldu du ez zela familia pobrea. “Ez ziren jauntxoak, baina ezta txiroak ere. Bazuten boterea”. Kultur arloari oso lotuta bizi izan zen Iztueta. “Asko gustatzen zitzaion dantza; oso dantzari ona zen”, hasi du azalpena donostiarrak. “Dantza tradizionalaren alde egin zuen. Giro nahasiaren eraginez, garai hartan Frantzia, Alemania, Suedia… inguru horietako jende asko igarotzen zen Euskal Herritik, eta balsak, kontradantzak eta beste hainbat dantza diziplina ekarri zituzten haiek”. Hirietako kulturaren eta herrietako nekazarien kulturaren arteko borroka zegoela gaineratu du Ansorenak. “Eta dantza zaharrak galtzen ari zirela ikusi zuen”.

Alde horretatik, musikariak garrantzi handia eman dio Iztuetak kaleratu zuen liburu bati: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia lanari. “Hor dauden dantza asko, soinu zaharrak izena dutenak bereziki, ez genituzke ezagutuko bestela. Gaur egun, lan horri esker ezagutzen ditugu hainbat dantza: jorrai dantza, zinta dantza, ezpata dantza…”. Horrez gain, Iztuetak berak hainbat ikasle prestatu zituela ere azpimarratu du donostiarrak: Jose Antonio Olano, Jose Luis eta Candido Pujana… Orduan ez zen normala musika argitaratzea. Bertsolaria ere bazen. “Eta bertso politak utzi zituen idatzita. Gizon kultua zen Iztueta, eta beste hainbat gauza ere idatzi zuen”.