Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 
   

Dantzariak, gaur eguerdian, Iztuetaren jaiotetxearen aurrean Erreberentzia dantzatzen. Arg./I.Gurrutxaga

   
Txistua eta dantza, Iztuetaren oroimenez

Iñaki Gurrutxaga - Aza 26, 2017

Juan Inazio Iztueta dantzari eta koreologo zaldibiarrari (1767-1845) omenaldia egin diote gaur eguerdian Zaldibian Gipuzkoako txistulari eta dantzari hainbatek. Datorren asteazkenean, azaroaren 29an, beteko 250 urte Iztueta Zaldibiako Txamarretxe auzoko Kanpaindegi etxean jaio zela. Hotsandiko ekitaldia izan da, Iztuetaren izena eta izana gogora ekartzeko antolatu direnen artean nabarmenena. Jose Luis Vallejo eta Jose Ignazio Ansorena zuzendaritzapean Iztuetak 1824. urtean argitaratu zen Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan jasotako dantzen bilduma bat aurkeztu dute.

Eguerdian hasi da omenaldia Zaldibiako plazan, Donostiako, Zaldibiako eta Goierriko txistularien doinuekin. Txistulariak, dantzariak, udal agintariak eta herritarrak Iztuetaren jaiotetxera hurbildu dira segidan. Joxean Etxabe alkateak eta Tere Irastortza Iztuetako elkarteko kideak hartu dute hitza, eta ondoren Jon Ordozgoiti herritarrak Aitor Irastortza zaldibiar bertsolariak idatzitako bertso bat kantatu du. Honela zioen Gure lurrean hedatua da doinuan abestutako bertsoak: “Zu oroitzeko zenbat motibo jaiotzaren urtemugan / behin Kanpandegin sortu zeinela zenbat urte pasatu dan / Donostiara abenturan, Logroñon, preso, tristuran / Zenbat bizipen idatzi eta zenbat doinu partituran / Euskaran, dantzan, kulturan, mila irakaspen zugan! / zuk utzitako ondare denak betiko darraite gugan”.

Erreberentzia jaiotetxean eta emanaldia plazan

   
    Gipuzkoako bederatzi dantza taldetako dantzariak, bukaerako kalejiran. Arg.: I. Gurrutxaga

 

Juan Inazio Iztuetak bildutako bi txistu doinu jo dituzte hurrena txistulariek, Alborada eta Erreberentzia. Bigarren hori dantzatu dute Gipuzkoako dantzariek Iztuetaren jaiotetxearen aurrean, Ereintzako dantzariak buru zirela. Guztira 55 dantzari elkartu dira, bederatzi herritakoak: Alurr (Ibarra), Ereintza (Errenteria), Murixka (Lezo), Aurtzaka (Beasain), Sustraiak (Legazpi), Haritz (Elgoibar), Oinkari (Villabona), Goizaldi (Donostia) eta Udaberri (Tolosa).

Hiru ataletan banatu da dantza saioa: Ezpatadantza, Soka dantza eta Brokel dantzen saila. Ezpatadantzaren ondoren, Soka-dantzaren barruan Iztuetak jasotako hainbat soinu zahar dantzatu dituzte (Hondarribi handia, Hondarribi txikia, Erribera, Puntamotz, Ormatxulo eta Txakolin). Eta brokel sailean, honako dantzak eskaini dituzte: Makil txiki dantza, Makil Haundi dantza, Zinta dantza, Brokel dantza eta Jorrai dantza.

Jorrai dantzaren ondoren, Belauntxingoren txanda izan da, eta bukatzeko Fandangoa eta Arin-Arina dantzatu dute talde guztiek elkarrekin.

{youtube}6eU6W-mJjWs{/youtube}

Laguntzaileak:

orkli