Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 

zubialde

aiestaran erreka

 ERAUSKIN IRASTORTZA  familia

 zubialde
pdf

ZUBIALDE Aiestaran Errekako baserria da. Bere inguruko soro eta sailen izenen artean daude Zuazola, Muñegi, Bartzuola, Preskantoni soroa, Patxiko soroa.

Lorentzo Erauskin eta Maria Bautista Garmendia, Gaintzako Etxais baserrikoa, 1913an ezkondu ziren Zubialde baserrira. Gaintzan ezkondu ziren. Lorentzo Erauskinen aitona Lazkao-etxen bizi omen zen, baina pentsatu omen zuten lurra erosi Udalari eta etxea egitea. Eta horregatik, Zubialde hiru alditan osatua omen dago. Zubialdekoei deitzen zaie betenariok. Etxearen jabe dira, eta etxea berritu zuten, sukaldea eta komuna jarriz eta baita ura ekarriz ere etxeraino.

Sei seme-alaba izan zituzten: Joan, Prantxika, Inazia, Joxe, Joxepa eta Pello. Ama Maria 100 urte beteta hil zen.

Aitona Joan Miel Erauskin oso arrantzale ona omen zen, eta amuarrain ugari harrapatzen omen zituen, eta askotan joaten omen zen Ataungo Fonda Miravillesera, oinez, Zuazolatik Amundaraina irten eta handik Atauna. Pedroren ama Maria ere joaten omen zen Atauna.

Zentralean lan eginez eta baserrian arituz atera zuten bizimodua, eta hori Aiestaran Errekako baserri askotan ere gertatu zen. Zubialdetik Zentralera ordu laurden inguruko bidea dago.

Baserrian bazituzten hiru edo lau behi, eta baita txerriak, untxiak eta oiloak ere. Etxerako egiten zuten baratzea eta ferian ere saltzen zuten zerbait (arrautzak, untxiak, oiloak....). Sari asko atera izan dute ganaduarekin Zubialdekoek, hiru “erregionalak” (Bilbon, Donostian eta Gasteizen); hiru probintzia mailakoak (Donostian, Tolosan eta Hernanin); zortzi bailarakoak (Zegaman eta Ordizian) eta bi zoriontze (bata Xabier Aizarna diputatuak emana eta bestea Jose Antonio Ardantza lehendakariak). Pellok dio ez dakiela animalia zaletasun honengatik edo esaten ote zaien betenariok.

XX. mende hasieran, Braulioren presa egin zuten Olakortara ura ekartzeko. Olakortan errota zen eta argindarra egiten zuten Legorretako Etxezarreta paper fabrikara bidaltzeko, eta presa altua egin nahi zuten. Orduan Errekalde, Zubialde eta Zubitakoek auzitara eraman zuten Braulio Armendariz, eta auzia 1905eko maiatzaren 10ean ebatzi zen. Oraindik ere Brauliopresa esaten zaio, Braulio Armendariz baitzen ibaiaren ur-jauziaren kontzesioa zuena, aldez aurretik,1902an, Migel Muñoa izan bazen ere. Braulio Armendarizek presa Zubietako zubitik 218 metrora egin nahi zuen, 3,80 metroko altuera emanez, eta auzoek aurre egin zioten. Hain zuzen ere, Joan Bautista Aiestaran, Zubita errotako jabea, Joan Miel Erauskin, Zubialde baserrikoa, eta Domingo Sukia, Errekaldekoa, inguruan zen lur-sail baten jabea, izan ziren aurre egin ziotenak. Zubitako Joan Bautistari ez zioten arrazoia eman, baina bai Zubialdekoei, bere baserriaren oinarrietaraino iritsiko zelakoan ur geldia. Hori zela eta, baserriaren oinarrien azpitik 0,25 metrora geratzeko agindua eman zioten Braulio Armendarizi, eta Sukiari esan zioten harresi bat eginez konponduko ziotela kaltea. 2008an amaitu zen kontzesioa.

Bidea egin aurretik gurdibidearen aldamenean espaloia omen zen, gurdibidea baino altuxeago. Zentrala abian jarri zeneko kontuak dira. Orduko hartan, oinezkoentzako pasabidea edo bide estu bat egin zen, eta denera urtebete eman zuten Zentraletik herrirako bidea egiten, 377 egun, hain zuzen ere, orduko diru-kontuetatik argitu daitekeenez. Gero, 1954an hasi eta 1958ra arte aritu ziren etxerainoko bidea egiten.

Zaldibiko eskolara oinez joaten ziren, baina Beasaina, adibidez, bizikletan.

Bazuen beste berezitasun bat ere Zubialde baserriak: txirrika bidez ekartzen omen zituzten belar -sortak Muñegi izeneko lur-sailetik. Muñegitik baserrirainoko tarte aldapatsuan kable bat zegoen airean maldan behera jarrita, eta txirrikan sokarekin belar-sorta ondo lotuta erraz iristen omen zen Zubialdeko atarira, gurdiarekin ibili ordez. Dirudienez, berezitasun hori Zaldibiko hiru baserritan soilik zegoen: Zubialden, Auntxita-Telein eta Zelearren, baina oso ohikoa omen zen Ataungo baserrietan. 1957ko azaroaren 27an ezkondu ziren Pello Erauskin, Zubialden jaioa, eta Miren Irastortza, Zaldibiko Auntxita-Telei baserrikoa. Zaldibin ezkondu, otordua Agotxanen egin eta bidaia Gasteiz, Madril eta Bilbo aldetik. Orduan ikusi zituzten aurrenekoz semaforoak, eskailera elektrikoak eta baita izebarekin antzerkia ere. Hain zuzen ere, izeba hori Gaintzako Etxais baserrikoa zen eta Pello Erauskinen izeba (Maria Bautista Garmendiaren ahizpa), eta Madrilera oso gazterik neskame joan eta bertan ezkondu zen zirkua ogibide zuen gizon batekin.

Pello Erauskinek Zentralean lan egiten jarraitu zuen, 65 urterekin erretiroa hartu zuen arte, eta Miren Irastortzak etxeko lanak egiten zituen. Horrela hazi zuten familia eta gero herrira etorri ziren bizi izatera, nahiz eta baserrian abere batzuk edukitzen jarraitu. Bost seme-alaba izan zituzten: Jose Inazio, Maria Ixabel, Nekane, Ana Mari eta Xabier. Azken hau, Xabier, aktore lanetan ibilia hainbat telesailetan, 2015eko uztailaren 18an hil zen auto-istripuz. Gaur egun baserria goitik behera berrituta dago eta alaba Nekane bizi da bertan bere familiarekin.

Informazio emailea: Pello Erauskin

 

 

ZUBIALDE airetik ikusia

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli