Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 
agarre zaldibi

   

AIESTARAN IRAZUSTA familia

Baserriaren arrastoa

idatzietan

Agirrezaldibia oinetxe gisara aipatu zuen Lope Martinez Isasti kronistak 1625 eta 1626an argitaratutako Compendio historial de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa, 132.oo. Zaldibiko beste oinetxeak, Lope Martinez Isastiren arabera dira Arrue, Miranda, Urtesabel, Lizarraga, Alvisu, Arrue barrena, Ayestaran barrena, Olano, Muguerza, Irastorza, Estensoro, Zaldivia barrena.

Agirre Zaldibia ere Agirre Urretarekin batera agertzen da 1783ko abenduaren 17an Aralar eta Enerioko mendien jabetzako auzietan botere emaileen artean.

Aguirre Çaldivia abizena ere existitzen da.

Informazio emailea: Joxemari Aiestaran

Liburuko fitxa jaitsi

pdf

 

ARRE ZALDIBI Elbarrena auzoko baserria da. Inguruko toki izenen artean daude Etxaburu, Txuloa, Arizti, Goiko Solo, Okorro. 1933an erosi zuen baserria aitonak, urriaren 14an, bi etxekonekoekin batera. Ordura arte hiru bizilagun bizi ziren maizter. Etxearen jabe bi ahizpa ziren. Bata, Natividad Verastegui Velasco, Francisco de Arcayaga y Mirabete edo Marqués del Fresno delakoarekin ezkondua, eta Donostian bizi zena. Bestea, Doña Maria Verastegui Velasco, Jaime Altarriba Porcelekin ezkondua. Hauek Condes de Sobres y Barones de Sangarren ziren, eta Zestoan bizi ziren. Beraien ondasunak zaintzeko, presbitero bat zuten, Vicente Sanz de Viteri, eta hau Forondan bizi zen.

Azken honekin moldatu zuten salerosketa, eta 66.000 pezetan erosi zuten baserria hiru bizilagunen artean (22.000 pezeta ordaindu zuen familia bakoitzak). Zumaian sinatu zuten hiru familiek: Pedro Agirre, alarguna zenak; Justo Aiestaran Muria, Maria Garmendiarekin ezkondua zegoenak, eta Joxe Mari Aiestaran, Maria Irastortzarekin ezkondua zegoenak.

Salerosketa horren zehaztasunek ederki erakusten dute XX. mende hasieran, artean, Zaldibiko maizterren errealitatea zein zen, eta nobleziaren jabegoa noraino hedatzen zen.

1975ean etxeko lau horma utzi eta goitik behera berritu zuten. Etxea berritu bitartean aldamenean zuten bordan pasatu zuten negua, horretarako, ganadua bizilagun Nikolasen bordan jasoz. Eta 2010ean berritu zituzten berriz teilatua eta aurrealdea. Terraza ere atera zuten.

Auzorako bidea gerra aurretik egina da, eta etxerainokoa ere bai. Eskolarainoko bidea 10 minutukoa da. Etxera etortzen ziren bazkaltzera, baina ia beti berandu, pilotan hasten baitziren eguerdian.

Agarre Zaldibi erosi zuten bertako Joxe Mari Aiestaranek eta Maria Irastortzak. Maria Irastortza Mamune baserriko alaba zen. Joxe Marik eta Mariak zortzi seme izan zituzten: Lontxo, Joxe Antonio, Pello, Benito, Luix, Joxe, Antonio eta Martin. Alaba bakarra izan zuten eta jaiotzean hil zen.

Benito Aiestaran semeak eta Milagros Irazustak osatu zuten hurrengo belaunaldia. Milagros Larraulgo Beobide baserritik etorri zen Zaldibira, Angune baserrira. Bertan zituen osaba-izeba Migel eta Mikaela, eta haien umeak haztera eta baserriko lanetan laguntzera etorri zen, hamasei urte zituenean.

Benitorekin ezkondu zenean etorri zen Arrera bizitzera. Benitok 39 urte zituen eta Milagrosek 25. Amasan ezkondu ziren 1957ko urtarrilaren 24an, nahiz eta familia-liburuan Villabonan ezkondu zirela agertu. Otordua Asteasuko Albino tabernan egin zuten, gaur egun, Iturri-ondo izena duena. Handik Donostiara joan ziren.

Benito eta Milagros ezkondu zirenean, etxean bizi izan ziren Benitoren zazpi anaiekin batera.

Benitok Fabrika Handiko lana utzi zuen etxeko maiorazkoa hartzeko eta harez gerokoan baserriko lanean jardun zuen emaztearekin. Bost behi, bost txekor eta oilo eta untxiak gobernatzen zituzten eta baratze handia egiten zuten. Sagastiak zituzten eta etxeko sagardoa ere egiten zuten.

Milagros Ordiziako feriara joaten zen etxeko jeneroa saltzera: sagarrak, intxaurrak eta untxiak batez ere.

Hiru seme eta alaba bat izan zituzten: Joxemari, Joxan, Bittor eta Mari Karmen. Hau 15 hilabeterekin hil egin zen. Gaur egun, seme zaharrena Joxemari bizi da baserrian. Bertara ezkondu zenean gurasoak eta anaia bat bizi ziren. 1993an ezkondu zen Leitzan, Ixabel Zestau-rekin. Ixabel Leitzako Aztieta baserrikoa da.

Tolosako Izaskun jatetxean egin zuten ezkon-otordua. Bi seme-alaba dituzte: Uxue eta Jon. Joxemarik Lazkaoko tailer mekaniko batean egiten du lan, eta Ixabelek ere ordu batzuk etxetik kanpo egiten ditu. Joxemari lanera aurrenekoz joan zenean uste zuen autoak konpontzen ziren tailer batera zihoala, eta ezustekoa hartu zuen pedalak zituen tornoa aurkitu zuenean.

Etxerako hazten dituzte oilaskoak, arrautzak izateko oiloak eta untxi batzuk. Baratzea ere egiten dute. Sagarrak bilduz, urte batzuetan utzita izan zuten sagardoa egiteko ohitura ere berreskuratu dute.

 

 

AGARRE ZALDIBI, airetik ikusia

 Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli