Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 
marroetxe 

urtsu erreka

 ARTANO IRASTORZA Familia

marroetxe
Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

MARROTXE Urtsu-Erreka auzoan dagoen baserria da. Larraitza doan errepidearen goi-aldean kokatzen da eta herrigunetik bost minutuan iristen da oinez. Bi etxebizitzez osatua dago eta horietako batean, etxejabe dira artanotarrak, artzaintzari lotuta egondako familia.

Bertako seme zaharrenak, Joan Joxek, Ezkioko Garaion Behekoa baserriko Joxpinaxi Irastorza Mendizabal ezagutu zuen, artaldearekin herri horretan zebilela, eta berarekin ezkondu zen 1934ko azaroaren 9an. Egun berean ezkondu ziren Zaldibin anai-arrebak, Joan Joxe eta Joxpamari, eta bi bikoteak Donostiara egin zuten ezkontza bidaia, anaia bat Loiola auzoan bizi zutelako, eta arratsalderen batean zinera joan omen ziren.

Marrotxen jarri ziren bizitzen, Joan Joxe maiorazkoa izaki, eta zortzi seme-alaba izan zituzten, guztiak etxean jaioak, baina lehenengoa jaiotzean hila, erditze zail baten ondorioz. Zaharrenetik gazteenera hauexek: Maria Rosa, Manuel, Joxepi, Milagros, Mari Karmen, Maribi eta Antonio.

Artzaintzatik atera zuen bizimodua familiak eta urte garai bakoitzera ahalik eta ondoen egokituz, baina ondo kostata egin zuen aurrera. Hiru alaba Txapeletxen egon ziren neskame.

Neguan, Eguberri ondorenetik apirilaren erdi aldera arteko garaia pasatu ohi zuten etxetik kanpo, aurrena Ezkion, gerora Aldaban, baina azken urteetan herrian bertan: Olalden eta Agarre-Zaldibin, etxetik gertu.

Aldabako garaiak gogoratzen ditu Manuel semeak, aitarekin morroi hor hasi zelako sei urte besterik ez zituenean. “Manueltxo” deitzen omen zioten.

Martin Motzane baserrira joaten ziren ardiekin, eta, inguruko barrutiak aprobetxatzearekin batera, bertako ukuilu zein sukalde eta logelak baliagarriak egiten zitzaizkien. Eguraldi kaxkar eta desatsegin ugarirekin ibilitakoak dira, elur urte handiarekin behintzat 1945.ean. Goserik ez zutela pasatzen dio, baina jatekoa egunero berdintsua izaten zela: taloak, babarrunak, gazta, zezina eta txokolate pixka bat. Ama tarteka bisitan etortzen omen zitzaien txerriki, arrautza etabarrekin, eta semeak negar egiten zuen ama joandakoan. Jantziak ere gaur bezalakoak ez, eta askotan bustita ibili behar izaten omen zuten ordu askotan, euri, lokatz edota elur artean. 160ren bat ardi eta denak ezagutzen zituzten, izenik jarri beharrik gabe aita-semeek bazekiten zein ardiz ari ziren aipamen txiki batzuk eginda. Arkumeak San Josetarako jaiota izaten ziren, gazta egiten, berriz, martxo bukaera aldean hasten ziren. Aldaban esnerik ez zuten saltzen, Zaldibin zeudela, aldiz, bai. Arkumeak jaiotzerakoan estu eta larri ibiltzen ziren ardiak ahal zen ondoen zainduz eta arkumea kentzen lagunduz. Antzu ziren ardiak otsailean mendira bidaltzen zituzten ipur gainean añil koloreko seinalearekin. Txakurrak izaten zituzten noski, bizpahiru edo, eta nahiz eta ez oso ondo mantendu beharrezko laguntzat zituzten.

Udan, artaldeak mendira zihoazenean herrigunetik pasatzen ziren dunbak joz, artzaina eta behorren bat dotore bezain adoretsu aurrean bidea erakutsiz eta inguruan txakurren batzuk ardi zaindari hartuta, artanotarrak ere bai.

Apirilaren erdi aldetik urrira bitarte Intxentxaoko txabolan egoten ziren, Pikutako gaina pasatu eta ezkerraldera. Oraindik pareta zaharrek hor dirautela dio Manuelek. Artaldearekin igoz gero hiru bat ordu behar omen dira, ardirik gabe ordubete bat.

Saroi horretan Bolaleku Martin, Okobioko Sukia eta Biurrie artanotarren osaba ere egoten omen ziren.

Artaldeak larrea Gaineta aldean zeukaten, Alotzako iturri parean.

Txabolan ez zuten urik eta Ondarretik ekartzen zuten marmitetan, txabolatik oinez bost minutura. Egunero joaten ez ibiltzeko ongi aprobetxatzen zuten zeukatena, nahiz eta epela edan beharra izan. Kinkean petrolioa jarrita izaten zuten argia. Kamainan egiten zuten lo, azpian txilarra izaten zuen eta gainean artilez betetako koltxoia. Beheko suan prestatzen zuten otordua, suari ote iharrez ematen zitzaion indarra eta gero egur enborrak sartu. Txabolak eta txerritegiak zotalezko sabaia zuten gainean teilak jarrita, eta oilategiak zotalaren gainean garoa, hau bi urtez behin aldatuz gero, ez omen zen txabola barrura euri tantarik ere sartzen.

Gazta egiten zuten mendian eta txabola barruan ontzen zen, eta keak azala ilundu. Txabolak atea hego haizeak jotzen duen aldetik zuenez, kontu handiz ibili behar izaten omen zuten atearekin, ixtea akordatu behar, bestela gaztak pitzatu egiten omen ziren-eta. Urtean lauzpabost apaiz eta fraile pasatzen omen ziren txabolatik eta gazta bana eman behar izaten omen zitzaien.

Ardiei ilea mendian zeudela mozten zitzaien auzolanean eta otordu berezia egiten zen egun horretan, oilo zaharra hilda edo.

Gaixotasunei aurre egiteko, gorputzaldi txarrei edo, belarminen ura hartzen omen zuten, enplastoak ere erabiltzen zituzten eta mantzanila hartzeko ere ohitura bazuten, asko zen garaian familiakoek ugari biltzen omen zuten, etxerako eta saltzeko.

Herrira astean bizpahiru aldiz jaisten ziren, igandeetan derrigorrezko zuten meza entzutea (semea goizeko mezetara eta aita meza nagusira, gehienetan) eta asteazkenetan Ordiziako feriara salerosketa egitera.

Pasadizoak

Aita etxera

Joan Joxe, aita, menditik etxera zetorrenean, seme-alabak Bentaberriraino joaten omen ziren aitaren bila, eta aitarekin elkartzean musu ematen ziotela gogoratzen da Mari Karmen eta bizarrarekin aurpegia zulatzen ziela, baina pozik hartzen zutela aita, kukuprakak ekartzen zizkielako.

Txakurra uretara

Artaldearekin Ibasera, Itsasondotik Ordiziara bidean zegoen errota-taberna-biltegira, iritsi omen ziren behin eta aita-semeak atseden hartzen ari zirela eta ardiak abaro, ez zaie bada txakurra presara erori, baina Manuel semea konturatu. Apuratuta joan omen zen aitarengana garrasika: “Atte txakurre udeta eroi da, azkar, itto ingo zaiu-ta!” Aitak: Lasai motel ez dek ittoko, lasai”. Hala, joan omen ziren biak txakurra zegoen tokira eta aitak pixka bat lagunduta uretatik atera omen zuten. Hura poza semearena! Txakurra, Lista izenekoa omen zen eta oso maitea gainera.

Aitonaren oparia

Ama-semeak Ezkiora aitona-amonak bisitatzera joan omen ziren, tarteka egiten zuten bezala, Gabiriraino trenez eta handik oinez. Eta kontu-kontari atarian zeudela aitonak opari eder bat egin omen zion Manuel bilobari. Zer eta, poltsikoko erlojua kate eta guzti! “Poltsiko txikin erloju hue ibiltzea netzat ikaragarrie zen, garai hartan ez baitzen erlojuik” “Urte askotan ibili nun hondatu zan arte” kontatzen du Manuelek.

Erlijioaren indarra

Garizuman fraile sermolariak etortzen ziren herrira, Arabaolaza eta Agirre zirela gogoratzen du Mari Karmenek eta, indar handiz, batak zerua eta besteak infernua aipatuz eliztarrak tente eta serio edukitzen omen zituzten, eta askotan beldurtuta ere bai. Sermoiak elizatik kanpo entzun ahal izateko altabozak jartzen omen ziren gainera. Behin, aita-semeak ardiekin Aisterdi inguruan zebiltzala, zeuden tokitik sermoia nola entzun zuten gogoratzen du Manuelek. Eta ez zeuden herrian bertan-bertan!
“Dotrinan e earrak hartutakoak gea” “Dotrina ustez ikasten nun baino apaizek esaten zianen ahots altun: Jarri zutik, Abarkas!!!! dena ahazten zitzaten”. Ezizen horrekin deitzen zion Manueli apaizak.
Udako egun batean San Migelera joan omen zen Manuel konfesatzera, Pazkoazkoa egin gabe zegoelako, eta meza batzuk galdu zituela esan zionean beste egin behar batzuk izan zituelako, fraileak kondenatu egin omen zuen.

Informazio emaileak: Mari Karmen eta Manuel Artano

 

MARROETXE: ARTANO IRASTORZA FAMILIA

 

MARROETXE

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli