Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
 
Zeruko Argia , 1967 Abenduak 10
Ez det aukerarik izan Iztueta-z itz egiteko. Poz aundia eman dit ainbestek Iztueta-z orren gogo beroz idazten ikustiak. Garmendia bat saiatu da benetan.

Gaur gabean, Azaroa-ren 28-an, nere lanetik etxera netorrela an ikusi det sasoi bateko Vasconia plazan, Iztueta-ren omenez Basterretxea-k asmatutako oroimena. Guztatzen zait. Argituta zegoan. Bi ega zabal-zabalik aidean dantzaren espiritua adierazi nairik. Bere ondoan Iztueta-ri Goizaldi-k eskeintzen dion arri biribilla, au ere argituta. Errota-kurpil bat ere an ondoan zegoan.

Otzak eta euri-jasak pausoak arindu ditu baño ikusi det eskeintza euskeraz dagoala. Egoaldi-giroak uzten didanean irakurriko det lasai arrian agertzen dan idatzia.

Nik nere aldetik eskeiñi diot Iztueta-ri nere oroimentxoa. Oraingo nere liburu berrian dago. Tartetxo batian ondo etortzen zitzaidan eta an berritzen ditut Iztueta-k gure gaztediaz esaten ditunak. Alegia, euskaldun gaztediak, Iztueta-ren iritziz, jostaketak asmatzeko daukan doaia goralduaz. Etzayozutela gaztedi orri jostatzeko trabarik ipiñi. Oso guti bear du euskaldun gaztediak jostaldi garbi ta alaiak asmatzeko...

Bere denborako zenbait jansenistari ezik, gaurko askori zuzenduta daudela Iztueta-ren itz oiek iruditzen zait... Entenditu al-dezakenak entenditu dezala.

Baña utzi daigun alde batera gure Iztueta alai ta jatorra.

Emen dabilkit une onetantxe esku artean Oihenart edo Oyenart-en Les Proverbes Basques, au da Euskal Esaera Zaarren liburua. 1657-garrengo edizionearen antz berdin-berdiñean Eusko Ikaskuntzak ateratako liburua. Aurten kunplitzen dira irureun urte Oyenart, Mauletar idazle jakintsuba il-zala.

Pierre Lafite-k zion lengo batian, arrazoi aundiz gañera, Oyenart Gipuzkoa-n edo Bizkaia-n jaio izan balitz, eta ez Zuberoko Mauleon-en, onezkero bere omenaldi berezia egiña izango zuala seguru aski.

Bai. Euskal liburu zaarretan berezi-berezia Oyenart-en euskal esaeren bilduma. Makiña batek eskatzen duen liburua auxe. Eusko Ikaskuntzak ateratako antz berdiñeko liburu au estimatua da benetan.

Oyenart lege-gizona zan, andizkia, baiño euskal arima zokoak ondo ezagutzen zituana.

Saiatu zan gure esaerak biltzen. Erriaren esaerari belarria ondo jarri zion.

Soseguz irakurtzeko liburua auxe euskal sikologiaren arrasto bereziari jarrai nai dionak. Danera bosteun eta ogeita amezazpi esaera zar bildu zituan.

Ez ditut bere beste liburuak azaldu gabe utzi nai. Danak ez dira esatekoak edo ezin esango genituzke. Sorarrain-en katalagoan ikusi dezazke irakurleak.

Baño nola aaztu berak latiñez tituloa ipiñi zion Notitia vtrivsqve Vasconiae —au da, Alde bateko eta besteko Euskalerriaren Berria-Parisen 1638 urtean pu-blikatutakoa?

Lafitte kanonigoak dio beste Oyenart-en liburu ezagunez bat agertu dala Mauleon-en, eta Gure Herria, Baiona-ko errebista-k, agertzeko asmoa duela.

Iñolaz euskal olerkia du gai liburu azaldu berri onek. Ezta notizi makala auxe. Nolanaiko liburua ez dala izango ziur egon.

Las lasterra, lan alperra, esaera zarren artean apuntatu zuanak, ondo zekien lana egiten.

JOSE DE ARTECHE