Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 

IRASTORTZA MENDIZABAL Familia

Baserriaren arrastoa

idatzietan

Etxe horren berri badugu Iztuetaren obran zehar. Iztuetak Zaldibin izan zituen bederatzi ikasleetako bati Berdilari deitzen dio, bere “Ezpata-dantza”n, Jose Garmendia Arruabarrenak Iztueta dantzarien maisu artikuluan gogorarazten duen bezala.

Informazio emaileak: Iñaxi Irastortza eta Koro Irastortza

Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

BERDILARI Urtesabel auzoko baserria da. Bertakoak etxe jabeak dira. Konponketa gutxi egina dago baserria. 1929an, esate baterako, ekonomika jarri zen sukaldean.

Etxetik eskolara bide gutxi dago eta oinez joan ohi ziren.

1809ko apirilaren 2an erabaki zen hilerria elizatik ateratzea eta Kanpo Santua Berdilariko soroan egitea. Oraindik ere Zaldibin Kanpo Santuari Berdilariko batza esaten zaio. Iztueta berari ere han eman zioten lur, bere ama izan zelarik, herriko elizan lur emandako azkenetakoa, Jose Garmendia apaizak dioenez.

1866an ezkondu eta etorri ziren Berdilari baserrira Joxe Manuel Irastortza, Aztia etxekoa, eta Gorriñe baserriko Maria Inazia Murua. Bost seme-alaba izan zituzten: Joan Bautista, Joxe, Josefa Inazia, Martin eta Joxe Frantzisko.

Joan Bautista Irastortza, Berdilariko semea, eta Joxepa Mendizabal Zaldibin ezkondu ziren 1921ean. Joxepa Zaldibiko Urtesabel baserriko alaba zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Juxto, Inazio eta Iñaxi. Juxto, zaharrena, Berdilarin jarri zen bizi izaten, Eulalia Arinekin ezkonduta, eta sei seme-alaba izan zituzten: Joan Ramon, Joan Joxe, Jabier, Izaskun, Maria Luisa eta Pedro Mari. Iñaxi, gazteena, ere etxera ezkondu zen Agustin Mendizabalekin eta sei seme-alaba izan zituzten: Lurdes, Mertxe, Arantxa, Joxeanjel, Maria Jexux eta Kontxi. Inazio, berriz, Maritxu Arrokirekin ezkondu zen eta hantxe inguruan Loiola izeneko etxe berria eraiki eta bertan jarri ziren bizi izaten. Azken bikote honek lau seme-alaba izan zituen: Joan Joxe, Edurne, Karmen eta Antonio.

Arrantza, saskiak egitea eta ganadua omen zituzten bizibide. Baserrian ba omen ziren behi eta idiak, bederatzi-hamar bat buru. Gainera, artoa eta garia ere egiten omen zituzten. Ordiziako ferian saltzen zituzten arrautzak, sagarrak, mizpirak, gaztainak, babarrunak...

 

Pasadizoak

 Zilarrezko gurutzea

1850. urtean, Irastortza-Murua familiaren aurretik, Berdilarin, Zaldibiko alkate zena bizi omen zen. Garai hartan elizan ba omen zen zilarrezko gurutze handi bat eta lapurtu egin omen zuten eta alkatearengana etorri, berak zerbait jakingo zuelakoan. Berak ezer ez zekiela erantzun zienean, Berastegiko mendira eraman omen zuten oinez eta han hil egin omen zuten, andrea eta bi seme utzita. Geroztik, eskale ibili ohi omen zen andre hori inguruko herrietan. Zazpi urtez hutsik egon ondoren etorri omen ziren bertara bizitzera Irastortza- Murua familia.

Guardiek ez, baina katuek bai

Gerra garai horretan estutasunak ziren bazterretan eta baratzak emana gordetzen ibiltzen omen ziren. Babarrunak, esate baterako, belar-metaren azpian gordetzen omen zituzten. Behingo batean, gainera, antza denez, amonak esnea gorde omen zuen artasoroan guardien beldur eta guardiek ez, baino katuek edan omen zioten dena.

“no sé”

Gerra ondoren eskolan eraztuna (“aniloa”) ezartzen zuten euskaraz hitz egiteagatik. Eta erdaraz zeozer esan behar zenez, ikasitako aurreneko erdarazko hitzak “no sé” eta “dónde está el anillo” izan omen ziren.

Isuna

Joxe Manuel Irastortza Garmendia Bake epaile izan zen urte batzuetan, eta urte haietako batean, apaizak (bikario zaharrak) herriko lursail bat bereganatu zuen eta itxitura bat egin. Lursail horretan baserritarrek beren astoak lotzen zituzten herrira jaisten zirenean... Zenbait baserritar kexu joan ziren bake epailearengana eta honek, gertatutakoa ikusita, apaizari itxitura kenduarazi egin zion. Apaiza haserretu egin zen eta mehatxuka hasi zitzaion bake epaileari “Joxe Manuel, ederki asko ordainduko dek...” esanez. Joxe Manuelen biloba Iñaxi 8-10 urterekin Mielmañera, oraingo Arrese tabernara, joaten omen zen dantza ikastera. Batzokia zen Mielmañen eta bertan dantzari taldeak entsaiatzen zuen. Gerra hasi zenean, Iñaxiren ama Joxepa (bake epaile izandakoaren erraina) kartzelan sartu zuten isuna ordaindu ondoren. Isuna euskal dantzak dantzatzeagatik, eta kartzela, berriz, feriz feri eta herriz herri ibiltzen zenez, informazioa pasatzen zuela argudiatuta. Berdilarin bai isuna eta bai kartzela zigorra “Bikario zaharraren” mendekutzat hartu zen.

 

BERDILARI: IRASTORTZA MENDIZABAL FAMILIA

 

BERDILARI, airetik ikusia

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.