Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 
   
‘Zuriaren’ oinetakoak

Felix Ibargutxi

‘Zuriaren’ oinetakoak Orain dela 250 urte jaio zen Juan Ignazio Iztuetaren oinetako horiek euskal dantzen dotoreziaz mintzo dira

Laster, hil honen 29an, 250 urte izango dira Juan Ignazio Iztueta (1767-1845) dantzari, dantza-maisu, bertsolari eta idazlea jaio zela. Behin eta berriz hari buruz esandakoa berrituko dut: aitzindaria izan zen euskal folklorearen bilketa-lanean, 'Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia' idatzi zuen eta, halaxe, galzorian zeuden dantzak salbatu egin zituen. Eta olerkari-bertsolari gisa ez zen kamutsa; gogoratu besterik ez dago 'Kontxesiri' .

Hari gorazarre egin nahian, J.I. Iztueta Kultur Elkarteak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak, Iztueta Dantza Taldeak eta Zaldibiako Udalak egitarau zabala prestatu dute, eta ekitaldi nagusia igande honetan izango da, Iztuetak jasotako dantzen erakustaldia egingo dutelarik herriko plazan. Gipuzkoako hainbat taldek jardungo dute, Donostiako Udal Txistulari Taldea ariko da eta baita Zaldibiako txistulariak ere.

Bestetik, erakusketa ipini dute Zaldibiako kultur etxean. Batik bat Tere Irastortza idazlea jardun da hura antolatzen. Hantxe daude, ikusgai, Iztuetaren dantza-oinetako batzuk, gerriko gorri pare bat eta makila motza, Espainiako bandera duena berekin. Juan Ignazioren arreba Ana Mariaren alabaren seme-alabek jaso zituzten objektuok. Gaur egun Imaz-Manzisidortarren etxean daude gordeta.

"Oso oinetako dotoreak dira, gerrikoak ere bai. Dantzak ere dotoreak izango ziren Iztuetaren garaian", esan dit Tere Irastortzak.

Kultur etxeko gela hartan, begiak segituan geratzen dira iltzatuta bi margolan handitan; biak ala biak Iztuetaren erretratuak. Bata Hombrados Oñatibiak egindakoa da, 1922an. Udaletxean egon ohi da zintzilik. Iztueta adindu bat agertzen zaigu bertan, eta atentzioa ematen du koadroari beheko aldean erantsitako testuak. Grafia modernoan idatzitakoa da, eta honela hasten: "Kanpandegi-txikian edo Iztueta-enean jaioa. Hiru aldiz ezkondua. Maltzurra". Eta honela bukatzen: "Folklore mailan, mundu guztian baztertu ezin daitekeen bat. Gutxi al da?"

'Maltzurra' esaten diote, non eta jaioterrian bertan. Zuria zela da esaera zaharra, eta 'Zuria' goitizena ere ipini zioten. Urnietan hari buruz egin zuten antzerkiak ere 'Zuria, gure erara' zuen izenburua. Egia da Iztueta behin baino gehiagotan eduki zutela preso, badirudi lapurretan ibili zela han-hemen, baina, nolanahi ere den, gehiago erreparatu beharko genioke autorearen lanari, autoreari berari baino. Esaera zaharra da, halaber, onena izaten dela testu ederren autoreekin harremanik ez izatea, askotan lehengo inpresio ederra zapuztu egiten delako.

Santi Onaindiak hainbat idazleren biografiak idatzi zituen bere 'Euskal literatura' liburuan. Eta gure Iztuetaren atalean, bukaera-bukaerako hitzak, hauexek: "Seme jatorra gendun Iztueta". Apaiz honek, beraz, barkazioa eman zion gure protagonistari. Inork ez ditu auzitan ipintzen Iztuetaren merituak. Bestalde, pertsonaia heterodoxoa dugu: ingurune karlista baten erdian liberal; eta euskaraz apaizek bakarrik idazten zuten garai baten erdian euskal idazle.

Zaldibiako erakusketako materialekin jarraituz, hor dugu Antonio Valverdek lehengo mendean, 70eko hamarkadan, egin zuen erretratua ere. Hor Iztueta gazteago bat ageri zaigu. Valverdek, modelo moduan, Migel Mari Lasa hartu zuen, Oiartzungo txirrindulari famatua.

Badira erakusketan koadroan marko eta guzti ipinitako egunkari-orrialde batzuk ere. Adibidez, José María Donostyk 'La Voz de España'-n 1945ean argitaratutako artikulu luzea. Honela epaitzen du 'Kontxesiri' olerkia: "De las 306 palabras de que consta, 28 de ellas son castellanismos o erderismos, nada menos que el 8%". Gure Donosty hau Donostiako kronista ofiziala izan zen 1950-1977 epean. Benetako izen-abizenak Leonardo Fernández Eleizegi zituen. Ez zuen inoiz euskarazko artikulurik publikatu.

   

1967ko 'Zeruko Argia'-ko orrialde bat ere badugu ongi enmarkatua. Horko erreportajearen izenburua: "Donostiako Udalak Iztueta'ren omenean burnizko oroigailu bat jaso du". Nestor Basterretxearen eskulturaz ari da, noski. Goizaldi dantza-taldearen ekimenez jarri zuen Basterretxeak artelan hori Groseko auzoko sarreretako batean, eta orain ere hantxe jarraitzen du, baina duela urte gutxi batzuk kolore hori bizi-biziz margotu zuten, eta esan liteke asko irabazi duela.

Erakusketan ageri den material guztia bada www.iztueta.com orrian ere. Bereziki interesgarria da hango bideo bat, Iztuetak izan zituen salaketei buruzkoa.

'Kontxesiri' olerkiaren eskuizkribuaren argazki tamaina handikoa ere ikus dezakegu kultur etxean. Ezin alde egingo dugu poema horren hasiera –grafia zaharrarekin– hona ekarri gabe:

Maite bat maitatzen det maitagarria
Begui ederra du ta guztiz arguia;
Daucat urruti,
Bañan ezin quendu det burutik
Aren ichura;
Saldu albaliteque pisura,
Urrearen truque
Norc erosi faltaco ez luque.
Norc erosi, etc.